Kursaal Zentroak eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak (COMGI) lankidetza estrategikorako esparru-hitzarmen bat sinatu dute, Donostiak goi-mailako biltzarrak, bilerak eta jarduera zientifikoak egiteko erreferentziazko helmuga gisa duen posizioa indartzeko.

Hitzarmena Iker Goikoetxea Kursaal Zentroko zuzendari gerenteak eta Carmen Solorzano COMGIko presidenteak sinatu dute. Aliantza horri esker, mediku elkargokideek kongresu, jardunaldi eta topaketa zientifikoak antolatzeko laguntza espezializatua izango dute, bai Kursaalen, bai Miramar jauregian.

Gainera, profesionalek aholkularitza eta laguntza tekniko eta zientifikoko zerbitzuak izango dituzte beren ekitaldietarako, Urumea Ekitaldien bitartez, eta, horrela, osasun-arloari eta ikerketari lotutako jardueren plangintza eta garapena erraztuko dute.

Sinaduran, Iker Goikoetxeak azpimarratu zuen “akordio hau urrats naturala dela gure azpiegituren potentziala gure komunitate mediko eta zientifikoaren talentuarekin lotzeko”. Bestalde, Carmen Solorzanok adierazi zuenez, “gure elkargokideei lagundu nahi diegu, ekitaldi zientifiko bat antolatzea errazagoa izan dadin, benetan axola duen horretan zentratzeko aukera emanez: zientzian eta osasunean”.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du hasieran, eta Jarraipen Batzorde bat izango du, ezarritako helburuak betetzen direla zaintzeko eta gizartearentzat baliozkoak diren edukien zabalkundea sustatzeko.

Lurraldea ezagutzearen eta garatzearen aldeko apustua

Bi erakundeen arteko lankidetzaren helburua ekitaldien antolaketaz haraindiko eragin positiboa sortzea da, Gipuzkoako aurrerapen zientifiko, sozial eta ekonomikoari lagunduz.

Kongresu eta topaketa espezializatuak egiteak ezagutzak trukatzea eta osasun-arloko profesionalak etengabe eguneratzea erraztuko du, bikaintasun medikoa bultzatuz eta herritarrei arreta hobea ematen lagunduz.

Era berean, topaketa horiek profesional medikoen proiekzioa eta ikusgarritasuna indartuko dute bakoitzaren komunitate zientifikoaren barruan, eta haien aintzatespena sendotuko dute estatuan eta nazioartean.

Ikuspegi ekonomikotik, ezagutzari eta zientziari lotutako biltzarrak eta bilerak erakartzeak lurraldea garatzen eta Donostia eta Gipuzkoa berrikuntza, ikerketa eta talentuaren ekosistema gisa indartzen lagunduko du.

Aliantza horrekin, Kursaalek, Miramar Jauregiak eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak ezagutza sortzeko eta zabaltzeko konpromisoa indartu zuten, eta Donostia nazioarteko zientziarako eta berrikuntzarako erreferentziazko gune gisa finkatu zuten.

Albisteak