Bere edertasunagatik eta gastronomia bikainagatik ospetsua, Donostia abegikorrak bisitaria lehen begiratuan gatibatzen du.
Kantauri itsasoari irekia, hurbiltasuna eta izaera aparta uztartzen dituen hiria da Donostia. Bere nortasun bereziari, gastronomiari, ingurune paregabeari eta eskaintzen duen esperientziari esker, munduan bisitaria liluratzeko gai diren hiri bakanetako bat da. Horregatik guztiagatik, MICEren erreferente sendoa bihurtu da.
Nazioartean gastronomiaren bikaintasunagatik ezaguna, Europan biztanleko Michelin izar gehien biltzen dituen hirietako bat da. Bertako gastronomia goi-mailako sukaldaritzaren eta tradizioaren topagunea da; horren erakusleiho dira ospe handiko jatetxeak, pintxo-taberna enblematikoak, sagardotegiak zein hain bereziak diren elkarte gastronomikoak.
Aberastasun horri nortasun kultural paregabea gehitzen zaio. Hemen euskara —Europako hizkuntzarik zaharrena— bizi-bizi dago, eta tradizioak, hala nola euskal dantza eta herri kirolak, indarrean mantentzen dira. Berezko izaera duen hiria da, bisitaria txunditu eta aztarna uzten duena.
Gainera, bizitzeko hiria da. Donostian edozein ekitaldi aberasten duten jarduera ugari egin daitezke: mendi-ibilbideak, itsasertzeko paseoak edo hondartzetan surfa egitea; esperientzia gastronomiko paregabeak; eta erakusketak, antzerkia eta musika uztartzen dituen kultura-eskaintza bizia.
Horrez gain, kokapen estrategikoari esker, erakargarritasun handiko helmugak gertu daude: Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea, Ipar Euskal Herriko kostaldea, Bilbo eta bere Guggenheim Museo ikusgarria, besteak beste.
Gipuzkoako hiriburua estatu mailan nahiz nazioartean ondo konektatuta dago autobide-sare zabal baten, trenbidearen eta ehun kilometroko erradioan kokatutako hiru aireporturen bidez. Kalitatezko hotel-azpiegiturarekin batera, zure hurrengo ekitaldia antolatzeko helmuga ezin hobea da.
Gipuzkoa
Antzinako lurralde historiko hau landa-eremuaren, industria-arloaren eta hiri-arloaren arteko oreka harmonikoagatik nabarmentzen da.
Arrazoi asko daude Gipuzkoa ezagutzeko, bertako euskal kultura tradizionalean murgiltzeko, mendi eta haranen arteko herri ezkutuak ezagutzeko edo herri bitxiz josita dagoen kostalde malkartsua esploratzeko.
Sukaldaritzaren paradisu honetan, dena dago ahosabaiaren eskura, pintxoen ibilbideetatik hasi eta Michelin izarreko bazkarietaraino.
Kirola eta abentura protagonista diren ingurune naturala.
Gipuzkoa milaka aukera dituen lurralde bat da.
Informazio gehiago: